XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irakasleak mintzo

Euskal kultura euskararen irakaskuntzan

Zutabe

Zer da euskal kultura?

Zein toki behar du izan eta nola galdatu euskara-klaseetan?

Ez da nolanahiko aztergaia, ez horixe.

Ondorengo orrialdeotan, gai horren iguruko hainbat iritzi jaso ditugu, helduen euskara-irakasle zenbaiten eskutik jaso ere.

1. galdera: Euskal kulturak ohorezko tokia izan behar du euskara-klaseetan; eta mailak aurrera doazen neurrian, erreferentzia kulturalak ere ugariagotzen joango dira.

Zer erizten diozu horri?.

Gurutze Arrieta (Legazpiko Udal-Euskaltegia): Euskal kulturak tokia izan behar du euskara-klaseetan, bai, baina ez dut uste ohorezko tokia behar duenik izan.

Hizkuntza bera ere kultura da eta berorrena da ohorezko tokia, nire ustetan.

Askotan hizkuntzak berak darama, berari lotuta, hainbat erreferentzia kultural eta horiexek dira garatu gabe utzi ezin direnak.

Bestalde batetik, argi dago mailak aurrera doazen neurrian erreferentzia kulturalak ere ugariagotzen joango direla, zeren ikasleek aukera haundiagoa bait dute hizkuntz aldetik eta horrez gain murgilduago daude euskal munduan.

Euskal kulturak tokia behar du izan euskara-klaseetan, beraz, baina ez ohorezko tokia.

Aitor Etxebarria (Santurtziko Udal-Euskaltegia): Hasteko, gure euskaltegian gertatutako bi anekdota kontatuko ditut.

Behin jai batean 1, 2, 3erako txapelketan zera galdetu zitzaien parte-hartzaileei: Bizkaiko kaiak.

Eta baten erantzuna: Gernika.

Beste behin, txango bat egiten ari ginelarik, Bermeon geunden eta batek zera galdetzen du: Etxera deitzeko prefijorik markatu behar dut?

Argi dago honelako egoerak ekiditeko, euskaltegiak bide egokiak jarri behar dituela.